Sarri, hau izaten da gure buruari egiten diogun galdera, eta askotan ez dugu erantzun garbirik topatzen. Gai honetan laguntzeko asmoz pausu batzuk ageri dira jarraian.
Haur hezkuntzako haurrak teknologia berrien eta irudien kulturan erabat murgildurik daude, beraz errealitate horretan hezi beharko genituzke.
Gaur egun inork ez du zalantzetan ipintzen IKTek laguntzen digutela irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, hau da, lagungarriak direla irakasten dugunean, proiektuak garatzen ditugunean, umeak elkarlanean aritzen direnean, lanak komunean ipintzerakoan, konpartitzen dugunean, jolastean,… beraz laguntza hori modu kognitibo, sozial eta afektiboan ulertu eta aztertu behar dugu. Guzti hau kontuan hartzen badugu, haur hezkuntzako umeak tresna digitalak erabiltzen dituztenean konturatuko gara jolasten baino zerbait gehiago egiten ari direla.
Badakigu haiek bakarrik ez direla gai izango informazioa bilatzeko edo ordenagailuaren maneiua menderatzeko baina gure eskuetan geratuko da etorkizunerako IKTekin aritzeko beharko dituzten oinarriak finkatzea.
Gure helburu nagusiena izango da IKTak eguneroko lanean integratzea naturaltasunez, inposatu edo behartu barik ezta erabiltzeagatik erabiliz, beraz integrazio hau koherente, eraginkorra eta kalitatezkoa izan behar da etekina atera nahi badiogu.
Teknologia berriak ikasgela barruan sartzeak lan aldaketa dakar, baina astiro eta lasaitasunez joan behar dugu, ezin ditugu aldaketa handiak egin egun batetik bestera; ondo planifikatu behar ditugu gure estrategiak, hasi aurretik helburuak jarri eta zehaztu behar ditugu eta behar denean aldatu, ekintzak ondo antolatu eta prozesuan sortzen direnak ondo txertatu, umeen interesak, baliabideak eta laguntzak ere beti izango ditugu kontutan.
Orduan, nola hasiko ginateke? Hasieran errazena izango litzateke merkatuan eta interneten dauden baliabideak erabiltzea eta beste irakasleek egindako lanak ezagutzea, baina behin hasierako beldurra kenduta eta sentitzean konfiantza dugula gure buruengan, hasi beharko genuke IKTek eskaintzen dituzten aukera guztiak aurrera eramaten ( internet erabili, ordenagailuan idatzi, e-maila bidali, podcast grabatu,google maps erabili, aurkezpenak egin,….).
Lehenengo pausuak
Merkatuan eta interneten dauden baliabideak ezagutu eta aztertu behar ditugu, azterketa honetan balioetsi behar dugu ea interesgarri, egokia, motibagarria, erabilerraza, interakziozkoa eta esanguratsua diren ala ez. Aukeratutako baliabideak baldintza horiek betetzen dituen ziurtatzeko beharrezkoa izango litzateke irakasleak aldez aurretik frogatzea, hau da, ikasleei aurkeztu baino lehenago baliabideak dituen aukerak arakatu behar ditu, materialaren erabilera justifikatua dagoen edo ez ikusi eta aurretiazko hausnarketa egin.
Azalpen gutxi batzuk eman ondoren umeei utzi behar diegu ordenagailuaren aurrean aritzen (hasieran bakarka baina gero hobe da binaka). Oso ekintza errezak proposatuko dizkiegu: ordenagailua piztu eta itzali, saguarekin jolastu ( mugitu, arrastatu,klikatu, eskerreko botoia,…), teklatua ezagutu ( non dauden hizkiak, zenbakiak, geziak, enter,…) CDa sartu eta ikonoaren gainean klik egin martxan ipintzeko …. eta haiei bururatuko zaizkien mila gauza gehiago. Ikasketa prozesu hau behar beharrezkoa da ume txikientzat . Sarritan utzi behar diegu horretan aritzen, gero eta autonomoagoak izatea lortu arte, praktikatzen duten bitartean dena ukitzen hasiko dira, zer egiten duten ondo jakin gabe, baina saiakera asko egin ondoren konturatuko dira egindako ekintzaren zergatiak eta ondorioak.
Hortik aurrera behin eta berriro eskatuko digute gauza bera egiteko segurtasuna eta arrakasta bilatzeko nahian, adi egoten bagara konturatuko gara haientzat egoera horiek oso motibagarriak eta baikorrak direla.
Behin ordenagailuaren erabilera menderatuz gero hasi beharko genuke, lehen aipatu dudan moduan, testuinguru esanguratsuan erabiltzen ( proiektuak burutzean,gurasoei informazioa ematean, eguneroko errutinetan,…), baina hau bigarren pausua izango litzateke.
Testu hau amaierako helbide horretatik atera dut baina aldaketa batzuk egin dizkiot euskara aldetik akatsak dituelako.
http://hezkuntza.blog.euskadi.net/blog/2011/02/22/hezkuntza-eta-ikt-haur-hezkuntza-barne/
No hay comentarios:
Publicar un comentario